ANSO LIZARRA Y LOS TEMPLARIOS

[ Itzuli ][ Ikusi pdf ]

Gomendatutako adina: DBHko 1. Zikloa


Laburpena:
Jakue Bidean barrena, gaztetxo talde bat, bi irakaslerekin. Antso Lizarra zaldun tenplarioaren istorioa entzuten dute, irakasleetako batek kontaturik. Eunateko eliza txiki biribilean, gertaera txundigarri bat biziko dute, eta beste denbora batekin harreman zuzenean jarriko ditu gertaera horrek. Jakue Bideak elkartuko ditu elkarrengandik urrun dauden denborak, espazioak eta pertsonaiak.
Antso Lizarra, Lizarratar leinuaren azken kimua, tenplarioen zerbitzari bizitza osoan ibili ondoren, erromes misteriotsu bihurtu zen. Eta haren egintzak Jakue Bidean entzun ziren jendearen ahotan. Tenplarioak eta Lizarratarrak aldi berean galdu ziren mundu honetatik.

Juan Kruz Igerabide
Maisu ikasketak egin eta irakasle aritu zen zenbait urtez. Gerora, Filologian Doktoregoa egin zuen, eta gaur egun Euskal Herriko Unibertsitatean ari da irakasle. Haur literatura arloan zenbait ikerketa garatu ditu, poesiaren inguruan batez ere. Horren adibide genuke, besteak beste, Bularretik mintzora: haurra, ahozkotasuna eta literatura (Erein, 1993). Aipatu liburuan ahozko tradizioaren ikuspuntutik aztertzen du Igerabidek haur literatura, batik bat amandre ipuinak.
Sormen lanari dagokionez, haur eta gazteei zuzenduriko hainbat libururen egile da Igerabide, narratiba zein poesia arlokoak.Hasi, baina, helduentzako literatura egiten hasi zen. Notre Dameko Oihartzunak (Elkar, 1984) poemategia argitaratu zuen lehenik, eta gerora beste hiru: Bizitzarekin solasean (Elkar, 1989), Sarean leiho (Alberdania, 1994) eta Espaniako Kritika Saria jasotako Mailu isila (Alberdania, 2002). Azken horri buruz, Iñaki Aldekoak zera idatzi du: «Hiritar arruntaren egunerokotasuna asaldatzen duten kezken inguruan datza Igerabideren poesia: bere lanari buruz mintzo zaigu, bizitzan aurre egin beharreko kontuen gainean gogoeta egiten du apaltasunez eta ironiaz ("gogoeta metafisikoa ohea egiten dudan bitartean", "alkondarako botoiak lotzen ditudan bitartean", "gogoeta metafisikoa euripean eta aterkirik gabe" edo "ohea egin aurretik, ortzemugari so"), poesia eta bizitza batzen dituen jarreraren alde eginez» (in Aldekoa, Iñaki. Historia de la literatura vasca, Erein, Donostia, 2004).
Begi-niniaren poemak (Erein, 1992) argitalpenetik aurrera, haurrentzat ere poesia idazten hasi zen. Aipatu lanean umeei zuzenduriko haikuak bildu zituen, eta haren ostean Aldekoaren ustez «haur literaturako egilerik esanguratsunetariko bat» bihurtu duten poemategiak osatu zituen: Egun osorako poemak (Pamiela, 1993), Haur korapiloak (Pamiela, 1997), Botoi bat bezala / Como un botón (Ed. Elebiduna; Anaya-Haritza, 1999), Mintzo naiz isilik (Elkar, 2001), Begi loti / Ojitos dormilones (Ed. Elebiduna; Malagako Diputazioa, 2003), Munduko ibaien poemak (Elkar, 2004), Gorputz osorako poemak (Aizkorri, 2005). «Haietan guztietan presente daude Juan Kruz Igerabideren poetikaren markak: ikuspegia, sotiltasuna, harridura, bertsoaren dotorezia... Mundu konplexua deskubritzeko begirada zabala eta berria, formulazio poetiko zehatzekoa.»
Natura eta hitza dira poesia honen bi euskarriak: naturaren behaketa batetik, eta hitz zehatzaren bilaketa zeinak errealitatea, eguneroko objektua, bizitza ikusteko bestelako modua aurkituko duen» (in Kortazar, Jon. "Introducción", Hosto gorri, hosto berde / Hoja roja, hoja verde, Atenea, Madril, 2002).
Behinola aldizkariari egindako adierazpenetan -Xabier Etxaniz Erlek eta Manu Lopez Gasenik 90eko hamarkadako Haur eta Gazte Literatura (Pamiela, 2005) liburuan jasoa-, Igerabidek honelaxe azaldu zuen haurrei zuzenduriko poesiari buruz duen iritzia: «Hitzaren jolasa da poesiaren artea (...) sentimenduen adieraztea, bizitzaren misterioa bilatzea, munduaren ikuspegia era berezian azaltzea, hizkuntzari adierazpen ezohikoak eta ezkutuak ateratzea, eta, hortik, objektu estetiko bat eraikitzea. Hitz gutxitan laburbiltzeko, haur poesia ibilbide bat da, hitzarekin jolas egitetik objektu estetikoa eraiki eta gozatzera daraman ibilbidea». Eta gaineratu: «Hala ere, hitz jolasa norberaren barne munduarekin lotzen ez bada, jolas mekaniko bihurtzeko arriskua du».
Haur ipuingintzari dagokionez, hogeita hamar liburutik gora idatziak ditu Igerabidek, haien artean Grigor protagonista duten Egunez parke batean (Alberdania, 1993), Gauez zoo batean (Alberdania, 1994), Denboraldi bat ospitalean (Alberdania, 1995) eta Oporraldi bat baserrian (Alberdania, 1996). «Elementu fantastikoa erabili beharrean, protagonista fantastikoa duten ipuinak ere badira, Grigor eta erlearen ipuinetan gertatzen den bezala. Erlea mutilaren lagun izanik animalien munduak erakutsiko dizkio. Egunez parke batean liburuan animalia txikien mundua, Gauez zoo batean, handiena. Hala ere, ipuin hauetan, eta Denboraldi bat ospitalean izenekoan ere, gizakion harreman, beldur eta jarrerei buruz ari zaigu idazlea. Heriotzarekin borrokan egongo da Grigor Gauez zoo batean ipuinean, istripu baten ondoren koma egoeran dagoelarik, haurrak duen amets antzeko kontakizuna izango da liburuaren nondik norakoa» (in Etxaniz, Xabier. Euskal Haur eta Gazte Literaturaren Historia, Pamiela, Iruñea, 1997).
Jonas eta hozkailu beldurtia (Aizkorri, 1998) lanarekin, Mikel Valverdek ilustratua berau, Euskadi Saria jaso zuen 1999an. «Juan Kruz Igerabidek ipuin honetan bere hitzak ezarri ditu haurrak beldurraren inguruan sentitzen duena adierazteko. Istorioa modu umoretsuan hasi eta amaitzen bada ere (...), Jonasek etxeko bakardadean sentitzen duen beldurra gero eta handiagoa izango da, izua sentitzeraino. Eta progresio horretan, beldurra bihotzetik eskuetara igaroko zaio, eta eskuetatik begietara, eta begietatik burura... Hozkailua ere beldur izango da, eta dardara egingo du, izan ere bere barnean otsoa egon baitaiteke janari guztia irensten. Eta zer egin norbera etxean bakarrik egon eta otsoa etortzen bada? (...) Hizkera bizia da, erritmoduna, egunerokoa, eta narrazio itxurapean badatorkigu ere, asko jasoa du Juan Kruzek hain berea duen poesiatik. Baina narrazioa eta poesia ezezik, modernotasuna eta tradizioa ere ezin hobeki txertatuak daude: gizakia bezain zaharra den sentimendu bat (beldurra, bakardadea), otsoaren presentziak areagotua, eta gaur egungo egoera batera egokitua» (in Sagastume, Laura. Behinola, 1. zkia, 1999ko azaroa).
Jonas eta hozkailu beldurtia-n aurkezturiko pertsonaia berriro agertuko zen Jonasen pena (Aizkorri, 1999), Jonasen iratzargailua (Aizkorri, 2001), Jonas larri (Aizkorri, 2002) zein Jonasek arazo potolo bat du (Aizkorri, 2004) ipuinetan.
Gazteentzat ere idatzi du poesia -Kartapazioko poemak (Karlos Linazasororekin elkarlanean; Ibaizabal, 1998), Hosto gorri, hosto berde / Hoja roja, hoja verde (Ed. Elebiduna; Atenea, 2002)- zein narratiba. Azken horren barruan ditugu, besteak beste, Helena eta arrastiria (Elkar, 1999), Hamabi galdera pianoari (Alberdania, 1999), Begi argi horiek (Aizkorri, 2000), Hiru ahizpa (Erein, 2003) eta Bosniara nahi (Aizkorri, 2003) narrazioak.
Hosto gorri, hosto berde / Hoja roja, hoja verde haiku bilduman «bi dira gai nagusiak: hosto gorria, zuhaitzetik erori den edo erortzear den horria bizitza independenteari hasiera emanez, zeinak aldi berean gainbehera eta bestelako bizitza baten abiapuntua sinbolizatu dezakeena; eta horri berdea, oraindik zuhaitzean bizirik dena» (Kortazar, Jon. Op. Cit.). Bien bitartean, Hamabi galdera pianoari nobela ama hil zaiola eta pianoaren aurrean hamalau urteko neska batek egiten duen barne-bakarrizketan oinarrituta dago. Heriotzari buruzko hausnarketa bat da, baina ez era intelektual batean emana, nerabeak, gauzak pentsatu baino, sentitu egiten baititu. Hiru ahizpa-k, berriz, aita hil denez geroztik amarekin batera jostungintzan aritzen diren hiru ahizpa ditu protagonista. Ipuin errealista gordin horrek badu amandre-ipuinetatik eta intrigatik zerbait. Begi argi horiek-en egileak «Machu Picchu mitikoraino garamatza, abenturaz eta arriskuz beteriko bidaia eginez. Arte martzialen ikasle den neska batek, erlijioak aztertzen dituen irakasle ezagun baten alaba berau, kontatzen digu bidaia miragarri eta, aldi berean, sakon, arriskutsu eta asaldagarri hau, non bizitza filosofia ezberdinak, erlijio aniztasunak zein indarkeriak eta botere nahiak bat egiten duten intrigaz beteriko eta, aldi berean, bizitzaren gaineko hausnarketak planteatzen dituen nobelari bide eginez. Prosa zaindu eta egitura xume baten bidez, nobela liluragarri bat osatzea lortu du Igerabidek zeinak irakurlea harrapatu ez ezik obrako protagonista gaztearekin batera gogoeta egitera bultzatuko duen. Poemen eta gogoeten gaineraketak zein toki eta jendearen deskribapenek testuari, intriga nobela bikain honen abenturari balio literario handiagoa ematen diote» (in Etxaniz, Xabier. CLIJ, 2001eko otsaila).
Bien bitartean, gerra du hizpide Bosniara nahi lanak. Gudatik ihesi nahian, bosniar familia batek Bartzelonara heltzea lortuko du; baina, zoritxarrez, ez dira guztiak iritsiko. Ama, alaba eta semea saiatu egingo dira beren bizitza berrira moldatzen, baina aita gogoan dute, eta gainera ez dakite bizirik diraun ala ez. Horrexegatik, Nezir gaztea Jugoslavia ohira bueltatuko da aita aurkitzeko asmoz. Ia simetrikoak diren muturretatik kontatzen zaigu istoria dramatiko eta mingarri hau; alde batetik aita, etsaien atzaparretan ez jausteko hamaika arrisku zein abentura biziko dituena; bestetik, semea, aita berriro bizirik aurkitu arte atsedenik hartuko ez duena.
Bestetik, bi aforismo liburu argitaratu ditu Igerabidek: Herrenaren arrastoan (Alberdania, 1998) eta Egia hezur (Alberdania, 2004).
Bere azken lanen artean dugu helduentzat idatziriko lehen nobela: Hauts bihurtu zineten (Alberdania, 2005). «Igerabideren eleberriak aurkezten dituen gatazka moral, sentimental eta existentzialek frankismoaren azken urteetako eta trantsizio garaiko Euskal Herriko auzo txiki bat dute eszenatoki. Garai hartako grebak, langile mugimendua, atxiloketak, atentatuak, ezkerreko mugimenduekin lotutako bizimodu alternatiboen sorrera... horiek guztiak -gurean askorik landu gabeak- hartzen ditu hizpide Igerabideren nobelak, guztia ere Joantxo narratzailearen bihotz-begien galbaheak irazita. Joantxo -Herrenko, gehientsuenentzat- mutiko gaztea, poesiarako jaidura duena, jakin-minez betea da istorioaren gidaria, eta nerabearen bizitzarako iniziazioak eta bere barne-gatazkek hartzen dute protagonismoa eleberrian, dekoratua giro sozio-politikoak taxutzen duela. Nolanahi ere, eleberriko benetako protagonista Adela da, auzoko maistra aurrerakoia, narratzaileak bigarren amatzat daukana; eta Igerabidek asmatu du emakume horren bizitza mutiko gaztearen begietatik kontatzea hautatuta; hala, nerabearen begiradak nabarmenago egiten ditu emakumearen (eta baita gizartearen) kontraesanak eta drama. Halaber, hasieran narratzaileak idealizatuta dakusan Adelaren pixkanakako desmitifikazioak aukera ederra ematen dio idazleari zenbait gairen gaineko dialektikak aurkezteko, eta gogoeta irekiak formulatzeko, bi pertsonaia nagusien bizi-jarrerak aurrez aurre jarrita.»
Maila desberdineko irakurketak ahalbidetzen dituen eleberria da Igerabiderena, bere soiltasunean oso aberatsa. Liburua bada iniziazio-nobela bat, baita garai historiko baten birkreazioa ere (ez da zaila nobelaren zinemarako egokitzapena irudikatzea), edo baita bizitzaren eta existentziaren gaineko gogoeta eta iraultzaren eta utopiaren ezinaren testigantza mingarria ere» (in Egaña, Ibon. "Memoriaren errautsetatik", Berria, 2005-12-06).
Igerabidek gazteentzat egokitu du Homeroren Ulises (Erein, 2000), baita euskarara itzuli Luzio Apuleyoren Urrezko astoa (Anjel Lertxundirekin batera; Ibaizabal, 1996), Hiner Saleem-en Nire aitaren fusila (Alberdania, 2004) zein Gustavo Marin Garzoren Maitagarrien hiru ipuin (Elkar, 2005), besteak beste.

[ Itzuli ][ Ikusi pdf ]